JORNADA 16: 05 Febrero 2012

MONDRAGON 2 - 1 AÑORGA

Jaitsiera saihesteko borrokan aurrerapauso garrantzitsua eman dute asteburu honetan Mondrako neskek, atzo -igandea- Añorgari 2-1 irabazi baitzioten Mojategin. Gogoratu beharra dago elurra dela-eta Arrasaten jokatu beharreko partidu guztiak bertan behera geratu direla, eta emakumezkoen ekipoarena izan da salbuespen bakarra, azken erabakia epailearen eskuetan baitzegoen. Gauzak horrela, zelaiaren egoera ona zela ikusi, eta neurketari ekiteko baimena eman zuen atzo arratsaldean epaileak.

 

Parekatua izan zen oso donostiarrek eta arrasatearrek Mojategin jokatutako partidua, dena den, berehala markagailua etxekoen alde jarri zen. Ainhoa Alonsok eskuin hegaletik jokaldia burutu ostean, egindako erdiraketak sareetarako bidea hartu zuen hamargarren minutua bete baino lehen. Aurreneko 45 minutuetan arrasatearrak hobeto aritu ziren, eta Alaineren pase baten ostean Maitane Roak 2-0koa izan zuen bere oinetan. Añorgak ez zuen arrisku handirik sortu lehen zatian, eta gol aukerarik garbiena falta jaurtiketa batean izan zuen. Atzokoan, Oihana min hartuta zegoela eta, Tania erdilaria aritu zen atepean, eta lan txukuna egin zuen.

 

Aldageletatik bueltan partidua ildo beretik joan zen, minutuak aurrera joan ahala, baina, Añorga estutzen hasi zen. Testuinguru honetan, atezainari egindako pase batean Rakelek ia baloia bere atean sartu zuen. Mondrak lehen zatian lortutako errenta defendatzeari ekin zion, eta kontraerasoan burututako jokaldietan aldea handitzeko hainbat gol aukera izan zituzten, batez ere Maitane Roaren oinetan. Atzokoan, baina, ez zen aurrelari arrasatearraren egunik onena izan.

 

Futbolaren munduan barkatzen duenak garesti ordaintzen duela esaten ohi da, eta hori da ia-ia Zuloaga eta Ezkurraren neskei atzo gertatu zitzaiena. Izan ere, hainbat abisuren ostean eta Maitane Roak beste gol aukera batean kale egin eta gero, Añorgak berdinketaren gola sartu zuen partidua amaitzeko 10 minuturen faltan. Donostiarrak hobeto ari ziren une horretan, eta bazirudien berdinketaren amaituko zela neurketa. Epaileak, baina, Roari egindako penaltia adierazi, eta Ainhoa Letek ez zuen barkatu 11 metroetatik. Golarekin suerte handirik izan ez arren, lan handia egin zuen partidu osoan zehar Maitane Roak.

 

2 eta 1koarekin donostiarrak partiduaren bila joan ziren amaierako minutuetan, eta Mojategin bildutakoek ordua eskatzen amaitu bazuten ere, Mondrak ondo eutsi zion abantailari. Arauzko denbora amaituta zegoela tentsio handia bizi izan zen berdegunean, eta jokalari batzuen artean ika-mikaren bat edo beste ere izan zen. Amaieran, zorionez, ez zen istilurik izan eta 2-1ekoarekin eman zuen amaitutzat partidua epaileak.

 

Jaitsiera 8 puntura

 

Honako hau Mondrako neskek denboraldi honetan lortzen duten zortzigarren garaipena da, eta horri esker aurrerapauso garrantzitsua eman dute mailari eusteko borrokan. Zerragileak une honetan laugarren sailkatuak dira 26 punturekin, eta liga amaitzeko 10 partiduren faltan jaitsiera postuak 8 puntura dituzte. Une honetan sailkapen zuloko zonalde horretan Eibar, Atletico Revellin eta Marcilla Aurora daude. Armaginen kontra, hain zuzen, jokatuko dute hurrengo jardunaldian Mondrako neskek Unben. Aukera ezin hobea beste aurrerapauso garrantzitsua emateko.

 

Golak: 1-0 Ainhoa Alonso, 1-1 Miriam, 2-1 Ainhoa Lete (p.)

 

Isei Barbero - Mondraberri